martes, 9 de diciembre de 2014

Zein arraio dira bada”neskentzako” eta “mutilentzako” ipuinak?

Betiko ipuinak ote, printzesa ederrez eta printze ausartez beteak? Egungo pertsonaia eta biografietan oinarrituta zer ipuin aterako lirake “neskentzat” ikasgai, eta “mutilentzat” lezio? Gauza jakina, behintzat, ipuinetan urdina eta arrosa nahasteak ez duela morea sortzen, muturreko arrosak eta urdinak indartzen ditu.
Etsigarria da ohartzea sei-zazpi urteko umeak hizkuntza sexistan alfabetatzera iristen direla: “ez ditut galtza hauek jantzi nahi, mutilenak dira”, “niri ez zaizkit panpinak gustatzen, neskenak dira”… Arrazoiaren bidetik saiatzen da heldua erantzuten: “ez du inon jartzen neskentzat edo mutilentzat direnik”, “ez dago inongo lege edo arauik idatzita dioenik hau neskentzat edo mutilentzat denik”, “gauzek ez dute potota eta pititorik”… baina sarri gakoa muinera joatea izan daiteke: “Ados. Zerrendatuko ditugu zein diren neskentzako gauzak, lanbideak, egin beharreko denak, eta mutilentzakoak. Eta zuk pototarekin jaio zinelako ezingo duzu mutilentzako zerrendatutako ezer egin edo aukeratu, eta alderantziz. Hobeto biziko zarete? Zer irabazten duzue?”.
Horra galdera: Zer arraio irabazten da ipuin batzuei tapa urdina eta besteei arrosa jarrita, teorian bakoitzaren erosle kopurua erdira mugatuta? Batek ez daki non hasten den marketina eta non amaitzen eskaera, norbere eskemen ondorio ote den semearen eta alabaren armairuak kolore, forma eta prenda hain ezberdinez gainezka egotea edo ingurukoengandik hala iritsi zaizkiolako eta dendan bestelakorik bilatzea ezinezko delako ote den.
Ahal duguntxoa egitearen pozez bizi gaitezke, eta indar txiki horiek metatzean poz ederrak hartzera iritsi ere bai. Ipuin sexista hauen kasuan ez dadila marketinga merke atera! Idatzi argitaletxera eta eman zure iritzia, apalategietatik kentzeko eska dezakegu! general@susaeta.com da helbidea.

Hemen Susaetara bidaltzeko mezu proposamen bat (kopiatu eta bidali hau bera, edo asmatu zeurea):
Egun on
Mezu honen bidez adierazi nahi dut sentitzen dudan gaitzespena zuen argitaletxeak argitaratu dituen liburu batzuek ikusterakoan: “Neskentzako errezeta errazak”, “Neskentzako ipuinak”, “Mutilentzako ipuinak”…
Bereizketa sexista egiten dute eta beraz, ume guztien aukera berdintasuna urratzen dute. Ez dago “neskentzako” edo “mutilentzako” den ipuinik, jolasik, errezetarik… izatekotan, gizarteak jartzen dio kolorea, atzetik datozen ume guztiek errepikatu ditzaten rol sexistak.
Inteligentziarentzako iraina direlako, Euskal Herrian egun hezkuntzan bultzatzen diren balioen kontrakoa delako, umeen eskubideak urratzen dituztelako… liburu hauek erretiratzea eskatzen dut, eta aurrerantzean halako gehiago ez argitaratzea.
Nire eskaria kontuan hartuko duzuelakoan